« Lanbroak harrapatzen» sailarekin, lanbroaren erdian egin bidaia poetikoa proposatzen du argazkilariak. Ozeano Atlantikoaren eta Pirinioetako mendien artean, euskal klimaren ezaugarrietako bat lanbroen agerpena da. Materia hauskor eta iheskor horiek paisaiak moldatzen dituzte, ikusgarritasuna murrizten dute eta irudimenari hegalak ematen dizkiote.
« Inguratzen nauen lanbroaren giro bilgarri hori biziki maite dut. Hain fite aldatzen da, non oren bakar batean hamar paisaia bata bestearen ondotik ager baitaitezke. Leku berean, zerbait berri agertzen dela iduri du etengabe, argazki argentiko bat poliki-poliki agertzen den gela ilun batean bezala. Paisaia pixkanaka zabaltzen da, ene gana heldu da, eta emozioa bizien den une zehatzean harrapatu behar dut. Horrela sortzen ditu lanbroak irudi bakarrak, iheskorrak. »
« Lanbroak harrapatzen » sailarekin, Bernard Baylek lanbroen gisako arkeologia bat marrazten du, haien arteko ezberdintasunei arreta emanez: lurrun-geruza arinak, hodei-basoak, etengabe mugitzen diren masa lainotsuak eta agerpen mamu-itxurakoak, izpirituen mundu baten mugetaraino.

