“Herriko Etxe gisa, gure ardura ere bada euskara biziaraztea, eta eremu publikoan dagokion lekua eskaintzea, ikusgarriagoa, ikasiagoa, erabiliagoa izan dadin”, hitz horiekin abiatu du prentsaurrekoa Philippe Aramendik, Urruñako auzapezak. Horrez gain, euskararen biziberritze prozesuan eragitea mandatuaren engaiamendu azkarretariko bat dela oroitarazi du.
Zerbitzu bat, aitzinkondu bat, plan bat
Euskara zerbitzuaren sorrera 2022an lehen urrats garrantzitsu gisa agerian ezarri ondoren, aitzinkondu bat esleitu zaiola gaineratu du, hala nola ibilmolde aitzinkondu orokorraren %1a, eta 2023ko abenduaren 18an 2024-2028 Euskara plana aho batez onartu dela agerian utzi du.
Urruñarrak planaren erdigunen
2024-2028 garaiak Urruñan hizkuntza-politika egituratua plantan ezartzeko lehen urratsak markatuko ditu. Politika publikoan burutu edozein aldaketan bezala, hizkuntza politika “Urruñarrak bere ekintzaren erdigunean kokatuko ditu” gaineratu du Aramendik. “Euskarak zerbait ekarri behar digu urruñarroi, euskara ikasten dutenei, euskaldun zaharrei eta euskararekiko irekiak eta kuriosak diren herritar horiei”. Elkarbizitzarako gako gisa ikusten du euskara eta herriko ekintza lurralde eta Euskal herri mailako erronka gisa ulertzen du.
Herria bere osotasunean hartzen duten hiru helburu eta 8 ardatz
Pruden Sudupek, euskara delegatuak, plana langile, hautetsi eta herriko eragileekin kontzertazioan osatu dela aipatu du. Elkar aditzearen bidez, hiru helburu finkatu dira: Herritarren aldekotasuna, transmisioa eta erabilera guneak garatzea. Planaren epealdia ez dela agintaldian mugatzen, gaineratu du, eta Hizkuntza-politikaren erronka denen artean partekatua izan behar dela adierazi du “zeharlerrokoa da. Euskara zerbitzuaren ardura baldin bada ere, herriko etxeeko zerbitzu guziak baitezpdakoak diren bitartekoak dira, euskararen dimentsio barneratu eta integra dezaten sortzen dituzten xedeetan”.
Horretarako, 8 ardatzen araberako ekintzak proposatuko dituela aipatu du Ione Josié-k, euskara zerbitzuko buruak eragile, hautetsi eta langileek identifikatu beharren arabera, eta xartan zein elkargoarekin dugun hitzarmenean finkatu engaiamenduen araberakoak: Herriko etxeko erabilera plana zerbitzuetan euskarazko eskaintza egituratzeko, transmisioa (lehen haurtzaroa, irakaskuntza, aisia), eragile pribatuak eta erabilera soziala, sentiberatzea eta arnasguneak, saretzea eta mutualizazioa. Adibide gisa, 15 langileren urte anitzetako formakuntza plana, familia liburuxka, Elkargoko euskaraz josta dispositiboan sartzeko urratsak edota uztailaren 15etik 20era Oiartzun, Bera, Lesaka eta Sarako 13-15 urteko gaztetxoei zuzendu egonaldi ibiltaria aipatu ditu.