Urruña guzientzat Urrugne pour tous
2023ko lehen hilabeteetan aurrekontuak bozkatu ziren.
Aitzineko urteetan zergen igoeraren aurka borrokatu ginen, gehiegizkoak baitziren urruñarrentzat.
Aurten funtzionamendu kargak anitz emendatu direla ikusi dugu, tokiko elkarteei ematen zaien diru-laguntza salbu, % 20 apaldu baita. Norabide horren ondorio zuzena: maileguen behar handia, ekipamenduen gastuak ordaindu ahal izateko.
Aitzineko agintaldian aurreikusia zen bizikleten bide berri bat egitea kenduta, 2023ko inbestimendu gastuek taldearen ikuspegi falta adierazten dute.
Presaka harturiko erabaki politikoen ondorioz proiektu definiturik gabe higiezinak erosteak larriki trabatuko ditu gure herriaren hazkunde aukerak. Eta nola ez, beharrik gabe azterketetan gastaturiko hamarnaka mila euroek.
Gastu horiek nabarmen mugatuko dituzte, zenbait urtetan, Urruñaren etorkizunerako ezinbestekoak diren inbestimenduak.
Zergen eta zorraren emendatzearen ondorioak, berriz, ondorengo belaunaldiek pairatuko dituzte.
Argi ikusten dugu gehiengoko talde horrek ez dituela herritarren kexak entzuten, beren ideologia politikoak itsutzen baititu. Horren adierazgarri dira ehunka kide biltzen dituzten elkarte berriak eta defentsa komitea.
Alta, gai garrantzitsuak ez dira falta. Etxebizitzaren arazoan pentsatzen dugu. Denok ditugu gure inguru hurbilean, etxebizitzarik atzematen ez dutelako kanpora joan behar duten urruñarrak, gazteak eta helduak, kategoria sozial guzietakoak. Azken hauteskundeetatik ez da bizitegi sozial berririk eraiki. Momentu honetan ez da bizitegi sozialen programarik mahai gainean. Ikusirik horrelako ekintzek hartzen duten denbora, gaur egun erran dezakegu agintaldi honetan ez dela bizitegi sozial berririk irekiko. Errekor tristea.
Urrugne Autrement
Urruñar Agurgarriak, 2023ko urtearen erdia pasa delarik, Aramendi/Elizondo agintaldiaren lehen bilan bat egiteko tenorea heldu da.
Postaren filial batek gure esku-orri bat banatu behar zuen herrian, baina ia nehork ez du errezibitu: kasualitatea, xantza txarra? Gure webgunean ikusgai da: https://www.urrugneautrement.org/
Gure analisiak, ikuspegiak, kezkak atzemanen dituzue bertan. Urruñak behar zuen aldaketatik urrun gara, hitzemandako irekidura posizionamendu ideologikoetara mugatu da, interes orokorretik urrun. Kanpainan aipatzen ziren hainbat puntu fite abandonatu dira:
- zerrendaren irekidura faltsua: Herritarrak-eko historikoek zentralizatzen dituzte boterea eta ideiak,
- geometria aldakorreko demokrazia parte-hartzailea: herri-barneko eta Sokoako herritarren mobilizazio historikoa gehiengoaren metodoen aurka,
- ingurumen arloa proiektu bakarrera mugatua: sukalde zentral erraldoia eraikitzea,
- etxebizitza eskasia: 2020an aurreikusiriko 9 antolamendu eta programazio orientazioetatik (OAP) ez da bat ere egin,
- dinamikarik gabeko herri-barnea eta 30 000 €-ko gastua argazki erakusketan
Elkarpena
Jaun-andreak, herritar maiteak,
2023ko uda bukaerara heldu gara. Euskal Herriak sasoin klimatiko atsegina izan du beste herrialde batzuei konparatuz (Kanadan, Grezian Espainian izandako suteak). Hemen udako tenperatura jasangarriak izan ditugu, ondoko departamenduetan egunez eta gauez bero handia jasaten zuten bitartean.
Euskal Herria eta Urruña babestu beharreko oasiak dira. Hautetsi gisa, gure kezkak etxebizitza, formakuntza eta enplegua dira. Urruña “herri pribilegiatua” da auzo herrientzat: urbanizazio aukerak hiri-barneko AHArekin, interes orokorreko proiektuak Bixikenean, enplegu aukerak Berruetako eremuaren handitzearekin… Salbuespenak dira kostaldean. Ekarpena taldeak ez du oposizioko taldeen kritika sistematikoa eta erraza egin nahi, nahiago dugu proposamen berritzaile, erabilgarri eta kontsentsualen bidez ekarpenak egin.
Interes orokorrak bakarrik balio du!
Jean Tellechea
Nicolas Fourcade
Urruñar maiteak,
Martxoan, distantzia hartu nuen Urrugne Autrement taldearengandik. Nire xedea: agintaldiaren bigarren zati honetan hobeki inplikatzea. Izan ere, gai batzuek ezin dute goaitatu: etxebizitza eskuragarria, ingurumenaren eta ondarearen babesa. Herriko etxearen erabaki batzuek -hiri antolamenduaren arloan adibidez- behin betiko eta ezin itzulizko ondorioak dituzte.
Hautetsi gisa, gehiengoak bozkatzen dituen inbestimendu egituratzaileen gastu gordeen eta ondorioen gainean gardentasuna eskatzen dut.
Baina “demokrazia parte-hartzaileari” buruz dudan ikuskerak ez dit debekatzen oposizioko hautetsi gisa nire esperientzia eta denbora eskaintzea gehiengoaren proiektuetarako, herriarentzat onuragarriak direla eta urgenteak direla pentsatzen baldin badut. Nire eskaintzak oraindik mesfidantzak sortzen ditu gehiengoko hautetsi batzuen artean… Sartze on denei!
Nicolas Fourcade