Orri honen irakurtzeko bataz besteko denbora 4 minutukoa eta 48 segundukoa da. Ingurumenari gutiago eragiteko, gomendatzen dizugu bi orrialdetan inprimatzea, zuri eta beltzez, 2 orri hostoka.

Herri-barnearen antolaketa eta garapena

Espazioak urbanizatzeari buruzko legedia etengabe garatzen ari da, eremuak gehiago babesteko logika batekin. Alde batetik, eraikin berriak jadanik urbanizatutako eremuetan kokatzera eramaten gaitu, eta bestetik, lurren artifizializazioa mugatzera. Horiek kontuan harturik, Urruñako herriaren garapena herri-barnean ardaztuko da, batez ere, indarrean den tokiko hirigintza planean identifikatzen diren proiektu-eremuetan eta birkalifikatu diren eremuetan (Lurralde antolaketa eta programazio orientazioak, masa planoak).

Garapen horren lehen helburua etxebizitza krisiaren garai honetan urruñarrek behar dituzten etxebizitza eskuragarriak eraikitzea da, baina baita araudiak errespetatzea ere (herri mailan izan beharreko etxebizitza sozialen kuotak). Bizi kalitatea, herritarren arteko lotura sozialak eta eraikinen iraunkortasuna bermatzeko, bestalde, hirigintza programa hauek kualitatiboak izanen dira, operazio orokorragoetan txertatuko dira eta obralaritza publiko batekin kudeatuko dira. Proiektu horiek, beraz, funtzio aniztasun bat izanen dute (etxebizitzak / zerbitzuak / saltegiak) eta espazio publiko atsegin eta bateratzaileak ere izanen dituzte.

Herri-barnean bereziak eta ikusgarriak diren antzinako eraikuntza anitz ditugu. Herriko etxeak jadanik existitzen diren eraikin horiek balorean ezarri nahi ditu, ondarea zaintzeko obrak eginez eta iniziatiba pribatuak sostengatuz. Proiektuak etxebizitzen hobetze/arraberritze lanei buruzkoak, birkalifikatzeei buruzkoak eta ekipamendu publiko eta kolektiboei buruzkoak (adb. Bixikeneako eremua) izanen dira.

Herri-barnea biziaraztea, gainera, herriko etxearen lehentasunetariko bat da, kohesio soziala eta elkarbizitza lantzeko proiektu eta iniziatibak garatu nahi baititugu: kultur-ekipamendu bati buruzko gogoeta bat eraman, espazio publikoen arteko loturak hobetu, herri-barnea oinezkoentzat ezartzeko esperimentazio batzu egin, saltegien eta elkarteen dinamikak indartu, joan-jinak eta aparkatzea hobeki antolatu…

2022an eta 2023an egin dugun herritarren kontsulta zabalak ekintza-pista berriak identifikatzen lagundu gaitu, herritarren, elkarteen eta saltegien beharrei hobeki erantzuteko. Ekintza-plana zehaztu, eta epe labur eta luzeagoan obratuko dugu.

Herri-barneko AHAren proiektua

Urruñako herriak, kostaldeko beste herriek bezala, hazkunde demografiko handia bizi du. Biztanleria bikoiztu da 1975 eta 2019 artean, azkartze handi batekin azken hamarkadan (+27% 2008tik 2019ra). Osasun krisiak eta ondoko konfinamenduek erakargarritasun demografiko hori oraindik gehiago azkartu dute eta garapen horrek eragin negatiboak ditu bertako herritarrentzat. Horien artean, etxebizitzaren prezioen emendatze handia eta urruñarrek herrian bizitzeko dituzten zailtasunak.

Egoera horren aitzinean, herriko etxeak bere rola bete nahi du etxebizitza eskuragarrien eskaintza garatuz. Horrek erran nahi du, beharko den kopuruan etxebizitzak eraikiko direla urruñarren beharrei erantzuteko, baina kalitatea zainduz: ingurumena, baldintza ekologikoak eta ekonomikoak, zerbitzu eskaintza eta garraioak ere kudeatu beharko dira, bizi inguruneak eta elkarbizitzak atseginak izaten segi dezaten.

Horretarako, herriko etxeak erabaki du maila handiko hirigintza operazio batzuk abiatzea, obralaritza eta kudeaketa publikoarekin eta ekintza bereziki herri-barnean zentratuz.

2022ko abenduaren 12an, herriko etxeak erabaki zuen herri-barneko hegoaldeko eta hego-mendebaldeko eremuen antolaketa eta garapenari buruzko gogoeta bat abiatzea, Antolaketa Hitzartuko Auzoa (AHA) ezarriz. Prozeduraren abiatzean, nahitara aski zabala zen perimetro bat finkatu zen, proiektua abiatu aitzineko azterketen eta herritarren kontsultaren kalitatea bermatzeko gisan. Hain zuzen ere, hastapeneko perimetroak bi proiektu-eremu lotzen zituen RD810 errepidearen eta herri-barneko karriken inguruan, 2019ko Tokiko Hirigintza Planean agertzen zirenak (“Urruñako  herri-barneko sarbidea” antolaketa eta programazio orientazioa, “Kochepe” antolaketa eta programazio orientazioa eta Presaburu ingurua). Urte bat berantago, azterketa eremu hori ttipitu dugu eta hausnarketek segitzen dute lur estrategikoen inguruan. Herri-barneko AHAri eta behin-betiko perimetroari buruzko erabakiak 2024an hartuko dira.

Prozedurak eskatzen duen bezala (Hirigintza kodeko L. 103-2 artikulua), herri barneko AHAren sorrera herritarren kontsulta zabal batekin abiatu da, herritarrekin, tokiko elkarteekin eta hunkiak diren pertsona guziekin.

Informazio bilkura publikoak

  • Proiektuaren abiatze bilkura - 2023ko otsailaren 27a, astelehena, 18:30 – Posta gela

Gaia: AHA proiektuaren eta prozeduraren aurkezpena, 2022an abiatu azterketetatik atera diagnostikoa (herri-barnea eta herriko sartzea)

  • Herri-barnea biziberritzeko proiektuaren aurkezpena: ekintza-pistak – 2023ko abenduaren 21a, osteguna, 18:30 – Posta gela

Gaia: ekintza-pisten aurkezpena, kontsulta eta azterketa faseaz arduratu den 2 Degrés agentziaren eskutik (espazio eta ekipamendu publikoak, mugikortasuna, etxebizitza, saltegien eta elkarteen dinamika).

  • Lehen proposamenen eta antolamendu irizpideen aurkezpen bilkura – 2024an
Gaia: Lehen proposamenen eta antolamendu irizpideen aurkezpena    

Tailer parte-hartzaileak 

  • Herritarren kontzertazio eguna - 2023ko apirilaren 22a, larunbata 

Herritarrek tailer parte-hartzaileetan egin zituzten ekarpenak baliagarriak izan dira herri-barnearen antolaketa eta garapen aukerak definitzeko. Herritarrek egin ekarpenak bizi kalitateari eta egunerokoari buruzkoak dira: mugikortasuna, espazio publikoak, ekipamenduak, zerbitzuak, saltegiak, animazioa, etab. 

Kontzertazio dosierra eta ekarpenen erregistroa

2023ko martxoaren 1etik, herri-barneko AHA proiektuaren abiatze bilkura publikoaren ondotik, kontzertazio dosier bat eskuragarri da publikoarentzat proiektuaren gauzatze epe osoan zehar, jakinez proiektuaren aitzinamenduen arabera edukia aldatzen ahalko dela. Dosierra kontsultagai da:

  • Herriko etxean, usaiako irekitze tenoreetan. Kontzertazio dosierrarekin batera, ekarpenak egiteko erregistro bat bada bakoitzaren oharrak eta hobetze pistak biltzeko.
  • Herriko etxearen webgunean, Kontzertazio dosierra atalean.

Proiektuari loturiko helbide elektroniko bat ere sortu dugu, galderei erantzuteko eta ekarpenak biltzeko: biharko.urruna@mairie-urrugne.fr

Informazio euskarriak

        Philippe Aramendi, Urruñako herriko etxea :    https://youtu.be/ccR4VsBAHK4

        Denis Caniaux, Atlantique & Pyrénées hirigintza agentziako zuzendaria : https://youtu.be/DiCQJYHJdY0

        Estelle Cecot, Deux Degrés agentziako urbanista  : https://youtu.be/AJNgpaR4KX8

        David Aberadere (arkitektoa eta paisaia antolatzailea) eta Pablo Samaniego (arkitektoa – Samazuzu agentzia) : https://youtu.be/zxCn3h7xXLs

Kontzertazio dosierra