Trantsizio energetiko eta ekologikoarekiko engaiamendu politikoa

Energia urritasun plana

Herriko etxeak karbono-balantze bat abiatu du eta bilan horren bidez kolektibitateko zerbitzuek isurtzen duten berotegi efektuko gas kopurua jakinen dugu, CO2 tonatan.Karbono-balantze batek, erronka klimatikoen heineko estrategia bat definitzea ahalbidetzeaz gain, agerian ematen du zein diren zehazki lehentasunez egin beharreko indarrak.

Ekintza konkretu hau, bestalde, urrats bat gehiago da lurralde erresilienteagoa izateko bidean. Mugikortasuna, etxebizitza, berotzea, elikadura… Zerbitzu guzi horiek energia fosilak behar dituzte. Erabilera hori apaldu behar dugu krisi klimatikoa saihesteko. Gainera, energia fosilen erabilera apalduko da zernahi gisaz, arrazoi geologikoak direla eta (erreserben agortzea). Lurraldea eraldatzeko dugun gaitasuna da jokoan dena. Geroz eta ziurgabetasun handiagoko mundu honetan, zerbitzu publikoen jarraipena da jokoan dena. Kolektibitateen karbono isuria apaldu nahi badugu mugitzeko moduak, elikatzeko moduak, berotzekoak eta etxebizitzak eraikitzekoak galdezkatu beharko ditugu. Gure herrian borondate politiko azkarra eta hainbat ekintza abiatzeko gaitasuna uztartzen dira eta ekintza eta ideia konkretuen laborategi bilaka gaitezke.

Langileekin elkarlanean eraiki dugun ekintza planean aurten abiatuko diren hainbat neurri finkatu ditugu, besteak beste: erregai fosilak bioetanolarekin ordezkatzea, telelana garatzea, jantegietan landare-proteina gehiago erabiltzea, herriko gertakarietara etortzeko mugikortasun alternatiboen eskaintza bat ezartzea.

Trantsizio ekologikoa eta bioaniztasuna

Urruñak abantaila bereziak ditu kostaldeko herria izateko: 2 eremu aipagarri Larrun Xoldoko eta Erlaitza, 800 ha baso, 1112 ha laborantza-lur (zeinetarik 137 ha herriarenak diren) eta 3340 ha eremu natural.

Nola uztar daitezke bioaniztasunaren babesa eta eremu horien erabilpena, bereziki laborantzarako? Herriko Etxeak partaidetza bat abiatu du hainbat eragilerekin (CPIE, kontserbatorioa, GIP Littoral, Euskal Hirigune Elkargoa, etab.) gure herriaren abantaila nagusia diren eremu natural horiek babesteko eta baliatzeko.

Erlaitzari dagokionez, gogoeta kolektibo bat egin behar dugu epe luzean izan behar lukeen bilakaerari buruz: jarduera kutsakorrak lekutu (tira-lekua, hondarkindegia), pentzeak kudeatu, etab. Arlo horretan, lankidetzaz gain, ekintza berriak beharko dira bioaniztasuna babestearen erronka handi horri erantzuten saiatzeko.

Mendiak ematen dizkigun balore azkarrak transmititu behar ditugu (ingurumenaren babesa, baliabideak neurriz erabiltzea, lotura soziala sortzea, ondarea baloratzea). Horretarako, Herriko etxeak hiru pertsonako lan-talde bat sortu zuen zerbitzu teknikoen barnean 2022an. Mendia eta herriko eremu naturalak zaintzea eta mantentzea da bere eginkizuna. Ibilaldietarako bide berriak sortzen eta kudeatzen hasiak dira jadanik. 2023ko lehen hiruhilekoan bide-orri bat aurkeztu zen eta hainbat proiektu zehaztu ziren bertan: oihanbeltzeko gotorlekuaren eremua irekitzea, landa-bideen diagnostikoa eta lehentasunak finkatzea, mendiko bizikleten bide batean markak ezartzea, etab.

Orokorkiago, herriak mendi-eremu izendapena izateko lan eginen dugu, Ipar Euskal Herriko beste 131 herriekin batera mendi-eremuko sailkapenean sar dadin. Azkenik, Herriko etxeak baratze partekatuak sortu nahi ditu: herritarren gogoak bete eta lurrak birlandaretu. Elkarteekin partaidetzan garatuko genuke.

Laborantza eta elikadura iraunkorra

Laborantza lurren babesteko borroka gure proiektu politikoaren lehentasunetariko bat da, ingurumenarekiko errespetu gehiago duen laborantza biologiko, herrikoi eta solidario baten alde. Gainera, trantsizio ekologikoa lortzeko, herriak bere espazio naturalak eta laborantza lurrak mantendu behar ditu. Euskal Hirigune Elkargoaren Klima Planak azken 10 urteetako laborantza eta natura espazioen batezbesteko urteko kontsumoa % 50 apaldu nahi du gutxienez. Frantziar Estatuak ere “Zero Artifizializazio” helburua ere aipatzen du, Lurralde Koherentzia Eskemaren Plan Estrategikoaren (SCoT) bidez bete nahi dena.

  • Tokiko laborantza ekoizpena sustatu, Berruetan baratzegintza polo bat sortuz Euskal Hirigune Elkargoarekin: gogoeta abian da, izan behar lukeen eredu juridikoari buruz (SCIC edo konpainia), Hego Lapurdi lurralde eremuari proposamen bat egiteko.
  • Herriko lurren alokairuari buruzko lanketa: lurren erabiltzaileak identifikatu eta ekintza plan bat abiatu laborarien instalatzea sustatzeko.
  • Sukaldaritza kolektiboaren arloko hornitzaile baten hautaketa: kargu kaier berri bat landu zen, 2022ko irailean hasi zen zerbitzurako. Behin berritu daiteke, urte batez. Irizpideak gogortu dira EGALIM legearen xedapenak errespeta ditzan.
  • Haurren sentsibilizazioa: Eskola pribatu eta publiko guzietan (hiri-barnea, Oleta, Zokoa/Untxin, Ikastola, Erlaitza, San Frantses Xabier).
  • Elikagaien xahutzea eta hondarkinak: hondarkinen bereizketarako taulak erosi dira jantegietarako eta konpostaren esperimentazio bat aurreikusia da eskoletan (bi eskoletan hasi da).
  • Elikaduraren gizarte segurantza GEUZrekin: gisa horretako sistema bat ezartzeko pistei buruzko gogoeta, edo Urruñako errealitatera egokitzeko manerak.